ZER DA HAURGUNEA

Egihaurgunea bost urte arteko umeentzako eta hauen gurasoentzako txokoa da. 2000. urtean, auzoko zenbait guraso elkartzen hasi ginen gure umeen garapenaren eta aisialdiaren inguruan hainbat kezka eta behar nabaritzen genituelako, eta azkenean, 2014 bukaeran, kezka eta behar horiei erantzuteko helburuarekin sortu zen Egihaurgune egitasmoa.

Bost urte arteko garaia oso garrantzitsua da pertsona baten bizitzan, adin tarte horretan finkatzen baita pertsonaren nortasunaren oinarria. Eta adin tarte horretan jolasak duen garrantzia ere azpimarratzekoa da, haurraren alderdi psiko-motorean, kognitiboan, afektiboan nahiz sozialean. Gure jendartean, hori guztia kontuan hartzen duen espaziorik apenas duten haur ttikiek, etxeko espaziora mugatu izan da dena, bereziki urtebete arteko haurren kasuan, eta lurrean lasaitasunez beren gorputza ezagutzeko modurik ez dute ia eduki. Urtebete eta bost urte arteko haurren kasuan berriz, jolasteko eta sozializatzeko espazioak aurkitzea zaila izaten da Haur Eskola edo Ikastola orduetatik kanpo. Izan ere, Euskal Herriko klima dela-eta, udazkenetik udaberrira kaleko espazioak erabiltzea ia ezinezkoa da. Horregatik, haurren hazierarako beste gune bat edukitzea ezinbestekoa iruditzen zitzaigun.

Dena den, ez da umeen txokoa bakarrik, gurasoentzat ere funtzio garrantzitsua betetzen du haurguneak, sostengu emozionala eskaintzen baitigu. Gurasook ere, elkartu eta iritziak eta kezkak trukatzeko premia izaten dugu, eta hutsune hori ere betetzen du gune honek.
Ume zein guraso, Egihaurguneko ateak zabalik dituzu!


Haurgunearen oinarriak:
  • Egiakoa
  • 0-6 urte artekoa
  • euskalduna
  • autogestioan oinarritua

GURE HELBURUAK

·          Gurasoek beren bizipenak, zalantzak, iradokizunak... ellkar trukatzeko espazioa izatea.

·          Auzotarren arteko harremana sustatzeko eta elkar-ezagutzeko gunea izatea.

·          Auzoko dinamika bultza dezakeen gunea izatea.

·          Berdintasuna, elkartasuna... bultzatuko duen gunea izatea.

·          Haurren heziketan lagungarri suertatuko den espazioa izatea.

·          Umeek askatasunez jolasteko espazioa izatea.

·          Elkar-trukerako gune EUSKALDUNA bermatzea.
 


KONTAKTUA
Gurekin kontaktuan jartzeko, idatzi emaila hurrengo helbidera: